BEGEL

2018/05/31

Kasu! Pedibusa bidean da!

Gaur, osteguna, PEDIBUSa, eskolara oinez etortzeko ekimena, hasi da.  
Hau da: ikasleek eskolabidea modu aktibo, seguru eta autonomoan egin dezaten. Ondorengo lotura honetan dituzue egongo diren ibilbideak.
https://www.google.com/maps/d/viewer?mid=1W-523s4AsPYceH067dH8NNevrrS0tqfz&usp=sharing 
Ikasleak animatuko ditugu ekimen honetan parte hartzera
Ikasleen etxeetatik Ikastetxerainoko bideak jasotzen dituzten ibilbideak zehaztu, geltoki guneak zehaztu eta ordutegiak ere markatuz . Hortik aurrera, erraza da Pedibusaren ezaugarriak ondorioztatzea. Ikasle bakoitzak sare horretan bere haria zein den ikusi, dagokion geltokira adostutako unean gerturatu, eta une horretatik aurrerako ibilbidea bere ikaskide eta lagunekin batean jarraituko du.

Merkea, ekologikoa, osasungarria…. eta bizia!

"Gu ere bertsotan"

Bertsoz alaitu dute Aritzbatalde pilotalekua ikastetxe ezberdinetako ikasleek, 'Gu ere bertsotan' egitasmoaren ekitaldian. Iñaki Gurrutxaga eta Maddalen Arzallusen gidaritzapean landutakoaren emaitza gisa emanaldi bat eskaini dute. Eskolako LH5ekoak  hartu dute parte egitasmoan ikasturte osoan,  bertsolaritza zer den ikasteko eta bertsotan aritzeko aukera izanaz.






                          Argazki gehiago:   Hitza

2018/05/30

2018/05/29

MUNDU TOPAKETAK

Maiatzaren 30ean, 16:45etan, LHko jangelan ospatuko da Munduko Festen Topaketa.
Gurasoek norbere sorterriko jakiak prestatuko dituzte eta munduko txoko desberdinetan ospatzen dituzte festak elkarbanatuko ditugu.
Aukera polita elkarren berri jakiteko.

Haurrentzako zaintza egongo da!

LEKEITIOKO TERTULIA LITERARIOAK

Maiatzaren 12an Lekeition,egin zen Euskal Herriko Literatur solasaldi dialogikoen 1. Topaketan, ZAPRAN GAGOZ programaren barruan Arabako Kartzelako Tertulianoek ere parte hartu zuten.

En el Encuentro de Tertulias Literarias Dialógicas de Lekeitio hubo una parte dedicada a la intervención de diferentes entidades para que contaran su experiencia en el campo de la Lectura Compartida.
Bertako partaide batek ekarpen polita egin zuen  "COMO PARTICIPANTE EN LA TERTULIA" izenburupean egindako idazkiarekin.

El texto se organiza a través de cuatro preguntas que son hechas y contestadas por el autor del mismo.
1ª ¿Qué supone la tertulia para ti?
2ª ¿Cómo se vive la soledad de la prisión?
3ª ¿Qué te ofrece la literatura y los libros en la rutina penitenciaria?
4ª ¿Qué lectura recomendarías?

2018/05/28

Partaidetza itzela Haur Hezkuntzan!!

LIBURU ASTEA 2018
Gurean, Liburuaren Egunarekin batera, Apirilaren 23a, hasten dira ekintza desberdinak; hainbeste ibanik,  ezin aste bakarrera mugatu. Haundia baita partaidetza zorionez!
FONDOKO MARATOIA!
Kulturartekotasun Batzordetik ahalegin berezi bat egin da, guraso etorkinak ere parte har dezaten. Horren inguruan zenbat ipuin, antzerki, hitzaldi, kantaldi ikusi, entzun eta gozatu ahal izan ditugu. Bihotzez mila esker hau posible egiten lagundu diguzuen guztioi. Ez da erraza izango guztiak hemen behar bezala azaltzea, baina aipamen txiki bat egin gabe ezin utzi. Barkatu parte hartu eta argazkirik gabe geratu zareten horiek.
HH 2
HH 3
 
HH 4



HH 5



Mila esker denoi!!!

WIKIPEDIA

Asteburu honetan ere, Zarautzen ospatu den   programa barruan, Idazleei buruzko informazioa hobetzeko saioa izan da Etxezabalen, goizeko 11etatik aurrera.

Literattipia

Atzo eguerdiko literaturaren festa umeei zegokien, Literattipia: liburu trukea egingo dute haurrek, kantak, ipuin kontaketa, kalejira eta bestetik, Jesus Olaizola Txiliku idazle zarauztarra omendu zuten.

 


Eskolatik liburu trukea egitera joandako 4. mailako ordezkaritza.

Maite Franco eta Juan Kruz Igerabide ere bertan izan ziren beraiek dakiten bezain maixuki ipuin kontaketan.






2018/05/27

‘ALAKEN’- Antigoaleko hiztegia

TXILIKU idazle zarauztarrak  Antigoaleko hiztegia argitaratzen du ZARAUZKO HITZAn . Bitxia bezain interesgarria. 
Denok ditugula hainbat hitz kuttun, edota gure jakin-mina edo ezinegona pizten digutenak dio. Horietako asko lokalismoak izan ohi direnak, Zarauzko bitxikeriak.
Zergatik dugu joera hori? Zergatik lotzen gara antsia horrekin gure-gureak diren bitxikeria horietara? Txaparro, zanbuila, karkara, andarika, itxafero zergatik perlatxo arraro horiei halako neurriz kanpoko atxikimendua? Misterio-kutsua, agian? Besteetatik bereizi nahia?
Egia esate aldera, horietako zenbait hitzek izan badute halako misterio-kutsua; non arraiotik sortu da Zarautzen tximilikuarteka ibili bezalako esamolde bat, askoz arruntagoa eta ulerterrazagoa denean ezkutaketara edo gordeketara  ibili bezalakoa? Eta behin hasiz gero, aurrekoarekin batera, jolas berean, erabili ohi den kuartakerre hitza? Zein bide ezkututik etorri zaigu hori bezalako hitz arraroa? Orion zenbaitek guarda oker esaten omen dute Zarauzko kuartakerre horren ordez. Horrek baluke zentzua, kunplitzen ari dena oker dagoela adieraziko lukeelako, baina, ez dakit zergatik, oso zaila iruditzen zait guarda oker horretatik kuartakerre sortzea. Nondik dator, beraz? Misterioa.
Misterio-kutsua zuen, eta du, izenburuko alaken horrek ere. Ia denok entzun dugu: Alaken, alaken, / ala pikula tun paire, / errespundela pikula tunpa / Jesus Maria Jainkoa zen.
Esan genezake Gabonetako kanta bateko hitzak direla, eta gabon-kantetan ez dela erraza izaten jakiten hitz batzuen esanahia, baina… ez da hori bakarrik.
Andoni Egañak kontatzen digu 1957. urtean gabon-kanta lehiaketa batean Imanol Urbietak saria irabazi zuela kanta horrekin, eta, baita ere, eskolan ikasi zutela hainbat hitzek zer esan nahi zuen oso ondo ulertu gabe. Hala eta guztiz, misterio-kutsua hor dago. Jesus Maria Jainkoa zen esaldiak kirrinka egiten du gabon-kanta horretan, are gehiago nahikoa zenean aldaketatxo txiki bat zuzenago esateko, Jesus umea Jainkoa zen, esaterako. Susmoa da, beraz, hor atzean badagoela, seguru asko, lehenagotik datorren beste zerbait, zaharragoa dena.
Eta horrela, lehengo batean, Antonio Zabalaren TxirritaJose Manuel Lujanbio Retegi liburua irakurtzen ari nintzela hara non 236. orrialdean agertzen zaidan atal bat Kanta zar bat izena duena. Bertan, Txirritaren iloba Joxe Ramon Erauskin Lujanbioren hitzetan, kontatzen da Txirritak bertso eta kanta zahar franko zekizkiela, eta kontentu eta pozik zegoen aldietan honako hau kantatu ohi zuela:
Nere andreak badirudi
zaku gaizki josiya;
beretzako gordetzen du
gauzik onen guziya,
astelenetan neretzako
sardin begi gorriya;
alaken alaken,
alaken eta txunbailen,
erresponde la Mikela Txunba,
    Jesús, María y José.

Kantu horren kutsu misoginoaz gain, deigarria gertatzen zaigu alaken hitza, eta erresponde la Mikela Txunba delakoa. Nor ote zen Mikela hori? Non ikasi ote zuen Txirrita zaharrak kanta zaharrago hori? Han eta hemen munduan zehar hargin-lanean ibili zenean?
Imanol Urbietaren gabon-kantaren letren iturriak mende bat lehenagora eramateak ez du misterioa konpondu, ez du ezer berririk argitu, bakarrik erakusten digu hitzen historia guk uste baino nahasiagoa izan daitekeela, eta alaken zahar horrek uste baino sustrai sakonagoak dituela. Eta hori da misterio-kutsu gehiago ematen diona.                                                                                                                                                                           Iturria: urolakosta.hitza.eus/2018/02/22/j-m-olaizola-txiliku-alaken/

2018/05/26

TXILIKU idazleari aitortza

Jesus Mari Olaizola Lazkano, goitizenez "Txiliku". 
Zarautzen jaio zen 1951ean. Aurtengo Literaturian bere lan eskerga aitortu nahi zaio, igande eguerdian Musika Plazan ospatuko den ekitaldian.

1974ean irakaskuntzan hastearekin batera ekin zion idazteari, beharrak eraginda, materiale gutxi baitzegoen orduan irakurketa arloan, eta behin hasita, ezin utzi. Ondoren, eskolarako liburuak prestatzen aritu zen, zientziaren arlokoak batez ere.

Literaturaren alorrean, haur eta gazteentzat idatzi izan du Txilikuk, batik bat, baina helduentzako ipuin eta narrazio batzuk ere baditu.
Txilikuk estilo zuzen, erraza eta arrunta darabil.
Bere asmoa ez da haurra deskribapen luzeekin aspertzea, entretenitzea baino. Haurra irakurtzen zaletu dadin nahi badugu egin behar duguna da literaturara erakarri urrats laburrak baina zehatz eta ziurrak eginez.

Kontalaritzat du batez ere bere burua, ahozko literatura atsegin du: igarkizunak, kantu eta esaera zaharrak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak...

Oso luzea da argitaratutako liburuen zerrenda, baita jasotako sariena ere. tartean, 2004. urtean Haur eta gazte literatura sailean Euskadi saria irabazi zuen Osaba Bin Floren liburuarekin
Eta oraindik txori asko omen dauka buruan eta gauza piloa esku artean.
Ondo ospatu igandean eta segi aurrera Txiliku!
 

Eta Txiliku izena nondik datorren?

Txiliku, Getariako bide hasieran zegoen auzo txiki bat zen, baserri gutxi batzurekin.
Zamaiko Zuloa deitzen zaio orain txoko horri: Moilatik arroketara, Aiten etxe parean.
Garai batean untziolak zeuden, eta garrantzia izan zuten (XVI. mende inguruan) itsasontzi, galeoi eta txalupa ugari eraiki baitzen bertan.
Duela 200 urte inguru erre egin zen, eta bertako jendea Santa Marina kalera joan zen. Geroztik, handik etorritako familia asko Txiliku dira. Ezizen kontua etxeak ematen du askotan eta Zarautzen mordoska dira izen hori daukatenak.
Orain Itsas Lema eskultura dago bertan, Narros palazioaren ondoan, hortxen egon ziren Txiliku ontziolen omenez.



2018/05/24

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN 27. JAIA - MATERIALA SALGAI

Esana dugu aurretik blogean Euskal eskola publikoaren 27.Jaia Lekeition ospatuko dela, aurten Ekainaren 3an. 
Ikus bideoa eta aurkezpena linkei sakatuz.
 Atera duten materiala salgai jarri zuen Guraso Elkarteak eskolako atarian.
 Baina igande honetan ere, maiatzaren 27an, malekoian ere salgai jarriko dutela jakinarazten digute. Han izango gara, malekoitik bueltatxo bat emateko ez da bestela ere aitzakiarik behar eta:
 3 kamiseta diseinu ezberdin ditugu, alaiak eta dotoreak, haurrentzako zein nagusientzako. Gainera aurten beste hiru material berri sortu ditugu: amantala, katilua, poltsa eta txapak. Zuen gustokoak izatea espero dugu! Ikusi katalogoa

LITERATURIA 2018



Gaur hasi eta igandera artean, literaturzaleentzat hitzordu berezia izango da Zarautzen: X.Literaturia. (sakatu gainean blog honetan aurkezpena eta bideoa ikusteko).

Literatura eta arte disziplina ezberdinen arteko uztarketatik izango du. Izango du ere sortzaileen eta zaleen arteko topaketatik, eta izango du literaturaren ainguratzetik. 'Aingura' baita aurtengo leloa :liburu aurkezpenak, tailerrak, omenaldiak, emanaldiak... denetarik izango da.
Hasteko gaur ,Iñurritzako elkartean, mokadu bat hartu bitartean, poesia, ahotsa eta gorputza, bat eginda, 'Autobiographical' emanaldia. Zatoz! 
Umeentzat ere:
Iaz haurren gunea atondu zuten estreinakoz Musika Plazako kioskoan, Jon Braunen Tipia izenez, eta aurten esperientzia errepikatuko dute, «are toki handiagoa eta egitarau oparoagoarekin». Maite Frankok, Miriam Mendozak eta Juan Kruz Igerabidek ipuinak kontatuko dituzte, eta irakurle txokoa ere jarriko dute, begirale batekin.Igandean, gainera, umeentzako Literattipia, literaturaren festa egingo dute, herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatuta. Alde batetik, liburu truke bat egingo dute haurrek, eta bestetik, Jesus Olaizola Txiliku idazle zarauztarra omenduko dute, haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik. Joxean Artze zena  dute gogoan Literaturiaren irekiera ofizialean.

2018/05/23

EUSKARALDIA

Sustatzaile sarea gero eta zabalagoa da Zarauzko Euskaraldian

Orokietako irakasleok ere bat egiten dugu Euskaraldiarekin!

ESKOLA DENONA ETA DENONTZAT- SEGREGAZIORIK EZ

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak segregazioaren kontrako manifestazioa antolatu du.

NON? Gasteizen
NOIZ? Maiatzaren 25ean, ostiralean.
NOLA? Gasteizko puntu desberdinetatik zutabeak aterako dira (nahiz eta eskeman zure ikastetxea zutabe batean agertu, beste batean joan ahal zara) eta Andra Mari Zuriaren plazan elkartuko dira ekitaldi bat egiteko.


ANIMA ZAITEZTE!!!! 




2018/05/22

Kamishibai

Kamishibai "Paperezko antzokia" da eta Japoniatik dator. Umeei ipuinak kontatzeko modu hau oso erakargarria egiten zaie. Eta oraingoan Jostuntxo ausarta ari gara kontatzen antzoki honetan.
Pertsona argia izatearen balioa adierazten da bertan.

Jostuntxo   ausarta   Grimm anaien istorioaren  arabera, kolpe  bakarraz akabatu zituen lantegian bera gogaitzen ari ziren zazpi euli.
Kopuruak harrituta, kalera  atera  zen  bere  balentria  kontatzera;  horretarako,  gerriko  batean “Zazpi   kolpe   bakarraz” bordatuz.     Jendeak zazpi  gizon  zirela  uste  izan  zuen.  Jostuntxoaren  ustezko  adore  eta indarragatik,  erregeak,   han   zegoela   jakitun,   erresuma  beldurtuta zuen erraldoi maltzur bat garaitzen bazuen, ordainetan,  erresumaren   erdia  eta  printzesaren  eskua jasoko  zituela agindu zion.  Jostuntxo  ausartak  oztopoak  gainditzea  lortu  zuen,  trebetasun eta truku ugariri esker.

2018/05/21

IV. XAKE FESTARI BEGIRA!

150 lagunek hartu zuten parte larunbatean Orokietan ospatu zen Xake Festan.
Zarauztarrez gain, Urola Kostatik (Azkoitia, Azpeitia, Aia, Getaria) eta beste hainbat herritatik ere bertaratu ziren jokalariak: Donostiatik, Santurtzitik, Barakaldotik, Hendaiatik, Irundik, Eibartik, Arrasatetik, eta abar..
Eguraldia ere lagun, primeran joan zen guztia eta hurrengo urtera begira jarriak ditugu Arrate eta laguntzaileak!
Goizean burutu ziren lehenengo 4 partidak eta, partida bitartean, herri kirolak eta eskulan tailer ezberdinak egon ziren jokalarien eta haiek laguntzera etorri ziren anai-arreben gozamenerako.
Bazkal orduan, Txipristin aisialdi taldeko lagunak egon ziren patioan gazteekin jolasak egiten, antolakuntzak banatutako bazkaria jaten zuten bitartean.
Eguneko unerik hunkigarriena 5:30ak aldera izan zen. Momentu horretan omenaldi xume bat egin zitzaion Imanol Urbietari. Berak konposatutako Xake Festaren abestia entzun ahal izan zen lehenengo aldiz. I. Xake Festa eta gero, antolatzaileek festa honetarako abesti bat konposatzea eskatu zioten Imanoli eta eskaerari baiezkoa eman zion musikagile bikain honek.  Kontxi Aizarna izan zen Xake Festari abestia helarazi ziona eta larunbatean oroigarria jaso zuena.
Ane Sarasua (ahotsa), Antxon Sarasua (baxua, gitarrak, teklatuak eta koroak), Ander Zulaika (batería eta koroak) eta Victor Sánchezi (grabaketa, ekoizpena eta masterizazioa) esker izan da posible abesti hau denon eskura egotea.
Egun polita igaro eta gero, sari banaketarekin esan zuen agur Xake Festak datorren urterarte.


Sailkapena:
BENJAMINAK:
  1. Gorka Tafall Soreasu (Irun)
  2. Iker Tafall Soreasu (Irun)
  3. Ibon Muñoz Ferreira (Irun).
1. Zarauztarra: Jokin Artetxe Martin (10. postuan)
ALEBINAK
  1. Zuhaitz Giménez López (Donostia)
  2. Alex Odriozola Coscolín (Donostia)
  3. Iñaki Altzibar Ugalde (1. zarauztarra)
INFANTILAK-KADETEAK
  1. Aitor Beoregi González (Eibar)
  2. Unai Calleja González (Barakaldo)
  3. Cristian Cretu César (Azpeitia)
1. zarauztarra: Andoni Etxabe Uria (4. postuan)

Imanol Urbietak konposatu zuen Xake Festaren abestia eta bere omenez Kontxi Aizarnari eskaini zion Arrate Ugaldek oroigarria.

 Iturria eta argazki gehiago: hitza