BEGEL

2017/09/28

Hiru bidelapurrak

Lehen zikloko haurrei liburua etxerako mailegatuz gain, ipuina kontatzen diegu sistematikoki. Txikitatik Liburutegirako joera eta irakurzaletasuna sustatu asmoz. 
Blogera ekartzen ditugu kontatutako ipuinak, bideoren bat aurkituz gero, etxean ere beraiekin ikus dezazuen.
Oraingoan Hiru bidelapurrak ipuinarekin ari gara. Tomi Ungerer idazlearen album hau Haur literaturaren klasiko bat bihurtu da eta haurren beldurrei aurre egiteko liburu paregabea, gaizto-gaiztoek ere beren bihotz txikia izaten baitute, askotan ezkutuan dagoen arren.

Irudietan, bi kolore nagusitzen dira besteen gainetik, beltza eta urdina hain zuzen. Kolore horien nahasketarekin gaua eta iluntasuna irudikatzen dira eta gau giro horrek sorrarazten digun beldurra eta ikara. Dena den, irakurleak sentitzen duen beldurra desagertuz joango da ipuina irakurri ahala eta, kolore beltza garrantzia galtzen doan heinean, lapurrek ere hasierako maltzurkeria galduko dute ia ohartu gabe.

Hiru bidelapurrek gaiztakeriak egiten igarotzen zuten denbora, jendea izutzen eta ahal zuten guztia lapurtzen... Halako batean, gau ezin ilunago batean, zalgurdi bati eman zioten alto, bidaiari bakarra zekarren gurdiari: Uxue izeneko umezurtza... Bahitzen dutenean, hark galdetzen die ea zertarako behar duten horrenbeste diru eta bitxi. Orduan konturatzen dira ez dakitela zertarako lapurtzen duten. Eta galdera horrek sorrarazten dien hausnarketaren ondorioz umezurtzak jasotzeari ekingo diote, umez beteriko herri oso bat eraiki arte.Herri gorria!

 

                                  Iturria:      Behinola

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina