BEGEL

2017/06/03

ESKOLA LIBURUTEGIAK S.O.S.

Eskoletako liburutegien egoera ikusirik, blog honetara ekarri nahi izan dugu Donostiako Ikastetxe Publikoko Zuzendariek Hezkuntza Ordezkaritzara bidalitiko idatzia.
Blog honetatik behin eta berriz ari gara salatzen. Azken urteotan gure eskolako mediatekan egin den lana galtzeko arriskuan ikusten dugu. Gure aldetik jartzen dugun gogoari esker ari gatzaio eusten. 2011-12z geroztik, Orokietako liburutegi lanpostua jardunaldi erdikoa zen. Aurten hori ere kendu digute.Orain Donostialdekoak ere, arduradunak jubilatzen doazen neurrian desagertzear daude.
Eskolan aritzen garenok ikusi ditugu gure mediatekak bizirik, ikasleek hartu dituzten ohiturak, orain arte antolatu diren ekintza guztiak... 
Eta orain zer? Dena pikutara? Zein erraz!

GIPUZKOAKO HEZKUNTZA ORDEZKARITZA
DELEGATU ANDEREA
Gema Gonzalez de Txabarri
                                                             
 Arduradun hori:
 Ikasturte honetan, aurrekoetan bezala, egunez egun liburutegi mediatekei erabilera anitza eman zaie. Gure ikasleentzat, bere garapenean aurrera egiteko, espazio hezitzaileak dira. Bertan irakur zaletasuna piztu, irakurketa landu, sormena garatu, informazioa eskuratu, etxerako lanak egiteko espazioa eskaini, teknologia berriak erabiltzeko aukera luzatu, maileguak egin, jakinduria osatu… bezalako ekintzak egiten dira.
Lan hau oso zaila izan da lanaldi erdiko arduraduna soilik izan den ikastetxeetan, baina ahal izan den neurrian aurrera egiten saiatu dira.
Datorren ikasturteari begira, liburuzaina lanaldi erdiz izan duten ikastetxeek  figura hau galduko dutela jakinarazi zitzaigun eta ez gaude erabaki horren aurrean eskuak gurutzatuta gelditzeko prest.
Isileko lan handia egiten da liburutegi-mediateketan eta horren onuradun ikasleak, irakasleak, familiak eta auzoa bera dira. Ez al du urtetan aurrera eraman den proiektu honek aurrera jarraitu ahal izateko inbertsio minimo bat merezi?
Zuen erabakia berraztertu eta ikastetxe guztietan liburuzainaren figura ezartzea eskatzen dizuegu, ikastetxeetan hezkuntzan ereindako ahalegin guztien fruitua herriak berak jasoko baitu.
                                  DONOSTIAKO ESKOLA PUBLIKOETAKO ZUZENDARIAK
Donostian, 2017ko maiatzaren 18an

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina