BEGEL

2017/01/27

«Uhartearen altxorra» erakusketa Bilbon

Abenduaren 12tik otsailaren 28a arte haur eta gazte literaturari buruzko erakusketa Bilboko Azkuna Zentroan. 

Bilboraino joan beharra, baina epea luzea denez, mereziko luke noizbait ihesalditxo bat egitea.

Gai ezberdinetan banatutako bi metro eta erdiko altuera hartzen duten panell ikusgarriak. Norbera baino handiagoak diren pertsonaiak, animaliak, detektibeak eta fantasiazko protagonistak, denak elkarrekin. Azken urteotako haur eta gazte literaturako 100 liburu –42 idazle eta 35 artistaren lanak– batu dituzte. Koldo Izagirre idazlearen eta Juanba Berasategi ilustratzaile eta animaziozko zinema zuzendariaren laguntzaz. Atetik sartzen garen unetik bertatik, fantasiazko altxorra aurkituko dugu, haur eta gazte literaturarena den uharte honetan, mediateka, liburu, zinema eta bestelako edukiekin batera uztartzen den ametsezko espazioan. 

Haur eta gazteentzako literaturak ez ditu berrehun urte baino askoz gehiago, eta euskarazkoa are gazteagoa dugu. Baina azken hogeita hamar urteotan sekulako jauzia egin du, hala kantitatean nola kalitatean.
Erakusketaren edukiak hiru formatotan plazaratuko ditugu: Paneletan, ikusentzunezkoetan eta tailerretan.
«Zertarako balio du liburu batek?». Galdera horrekin abiatu zuen Lewis Carroll idazleak 1865ean Aliziaren liburu ezaguna. Erabat aspertuta, ahizpak eskutan darabilen liburuari erreparatzen dio Alizia txikiak, baina irudi eta elkarrizketarik ez duela ikusi, eta hor dator galdera. «Eta zertarako balio du liburu batek marrazki eta elkarrizketarik ez duenean?». Handia da gaur egun ere haur eta gazteentzako liburuetan irudiak duen garrantzia. 
Irakurketa etxean ala eskolan?
Irakurketaren pedagogia, lehenik, gurasoekin landu behar dutela uste du Izagirrek. «Irakurketa eskola barruko ariketa baldin bada bakarrik, gure idazleek eta gure artistek egin dituzten hainbat lan zoragarri ari gara bahitzen», beraren ustez. Bukatzeko, ikasgeletan egin beharreko inkesta proposatu digu: «Mari Domingiren senarrak ekarri al dizu libururik?».
                                                        Iturria:http://dijitalidadea.com/uhartearen-altxorra-tailerrak/

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina